osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2010-01-20

Zelako Zaldibar hurrengo hamarkadetarako? Proiektu bi aurrez aurre







2008ko maiatzean Diputazioak Durangaldeko Lurralde Zati Egitasmoa (DLZE) aurkeztu eta bi hilabeteko epea jarri zuen alegazioak egiteko. Egitasmo honek Diputazioak hurrengo 16 urterako zelako Durangaldea eta zelako Zaldibar nahi dituen jasotzen du. Nahiz eta ezker abertzaleak behin eta berriro eskatu, ez Diputazioak ez Zaldibarko udalak ez ziguten honen guztiaren berri eman herritarroi. Gauzak horrela, ezker abertzaleak zabaldu zuen informazioa herrian. Herri batzarra ere deitu zuen eta hogeita hamarren bat zaldibartar bildu ziren udaletxean. Batzar horretan erabaki ziren alegazioak aurkeztu zituen ezker abertzaleak Diputazioan eta http://www.blogari.net/zaldiberri/2008/07/ helbidean ikus daitezke oso-osorik.

Diputazioaren egitasmoa, garapen jasangarriaz ahoa betetzen zaion arren, enpresa handien interesekin lerrokatzen da. Eskumari dagokion moduan, herritarron ongizatea barik, lurraldea porlanez betetzea, garraio pribatua sustatzea eta AHT bultzatzea, esate baterako, ditu helburu. Ingurumena, kultura, etxebizitza duina denontzat eta bizimodu osasuntsua dira kaltetuenak.

Zaldibarko udal ilegitimoak, Diputazioa bera baino itsutuago lasterketa desarrollistan, bere alegazioak aurkeztu zituen: bi. Batean eskatzen zuen Diputazioak aurreikusitako etxebizitzak baino gehiago egin ahal izatea. Bestean Agarreko industrialdea jaso zezala DLZEak, izan ere ez da egitasmoan agertzen baina udalak egin nahi du kosta ahala kosta. Onartuta ere etxebizitzen kontua udal eskumena dela, Diputazioak ez du ontzat eman udal ilegitimoaren asmoa. Agarren egin nahi duten industrialdeari ezetz biribila eman dio Diputazioak eta hori arrazoitzeko Agarre Bizirik plataformak eta ezker abertzaleak erabilitako arrazoiak erabili ditu.

Ezker abertzaleak egitasmoa bertan behera uztea proposatu zuen eta prozesua berriro hastea herritarren parte hartzearekin. Horrez gain, Zaldibarri dagozkion dozena bat alegazio aurkeztu zituen, zaldibartarren artean Diputazioaren asmoez informazioa zabaldu eta herri batzarra egin ondoren.

Etxebizitzari dagokionez, udal ilegitimoaren astakeria onartu ez arren, ezker abertzalearen alegazioak ez ditu onartu Diputazioak. Ezetza etxebizitza hutsen erabilera sustatzeari. Ezetza gehienezko etxebizitza-eskaintza kopurua jaisteari eta hutsak betetzeko eta babes sozialekoak eraikitzeko politika zehatza aurkeztea herritarrei. Ezetza Gazagarako proposatu genuen gehienezko etxebizitza kopurua jartzeari.

Ingurumen arloan, onartu egin du Albizuri eta Munikola harrobi ohiak aintzakotzat hartzea. Sahiesbidea, ezker abertzalearen arrazoiak onartuz, ezabatu egingo dute proiektutik. Onartu egin dute, baita ere, Santamañezarretik Mendisolorako tartea “paisaiaren aldetik interes bereziko eremu” izendatzea. Mendietan motordun ibilgailuen zirkulazioaz 2007ko foru araua aipatu baino ez du egiten; ezker abertzaleak, lanerakoak salbu, ibilgailu horien zirkulazioa debekatzea eskatzen du. Baso autoktonoetatik kanpo, bakarti-edo, dauden zuhaitz interesgarrien inbentarioa egitea ere eskatzen genuen, baina ez dute ezer erantzun

Kultur Etxeaz edo gure ustez ospitalean egin beharko litzatekeen eguneko egoitzaz ere ezer ez.

Hau guztia ikusita, honako ondorioak atera ditu Zaldibarko ezker abertzaleak:

1- Berriro ere agerian geratu da proiektu bi daudela herri honetan. Bata, Diputazioa eta udalarena, PNV, PSOE, EA eta PPrena ere badena. Pertsonen eta herrien interesen gainetik enpresa handienak jartzen dituena, Zaldibar eta Durangaldea porlanez eta galipotez bete nahi duena. Eta hori guztia lau politikarik eta enpresari batzuk ezkutuan erabakia, herriaren parte hartzea ukatzen duena. Bestea ezker abertzalearena, herritarron parte hartze zuzena bermatuz, gure herrien garapen orekatua proposatzen duena, ongizatea, ingurumena eta kultura ardatz hartzen dituena.

2- Diputazioak, udalak eta errejimeneko alderdiek egiten dutena egiten dutela, ezker abertzalea izan dela herrian informazioa zabaldu duena eta prozesu parte hartzaile bat bultzatu duena.

3- Zenbat eta gehiago parte hartu herritarrak gure herriaren etorkizunaren aldeko borrokan, zenbat eta ozenago exijitu instituzioei informazioa eta herritarrak aintzakotzat hartzea, orduan eta zailago dute agintariek euren asmo txikitzaileak aurrera eramatea. Lortu den apurra horrela lortu da.


Sem comentários:

Enviar um comentário