osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2010-10-27

bi ume haur eskolatik kanpo


Bi ume izan dira oraingoan Zaldibarko Haur Eskolan leku barik gelditu direnak, biak zaldibartarrak. Eta “oraingoan” diogu, ez baitakigu zenbat izango diren aurrerago haur eskolan lekurik gabe geratuko direnak. Momentuz, ia segurua da aurten jaiotako umeek ezin izango dutela aurtengo ikasturtean Zaldibarko haur eskolan izena eman. Hau guztia Zaldibarko Zalduzubieta Haur Eskolan ez dagoelako espazio nahikorik herrian dagoen eskaerari erantzuteko, eta nor da horren arduraduna? Bada, inolako aurreikuspenik gabe gobernatzen ari diren udaletxeko agintariak, etxebizitzak eta etxebizitzak (libreak noski!) eraikiz Zaldibarko eskolari hazteko eta hobetzeko aukera guztiak mugatu nahi dizkiotenak. Nor etorriko da Zaldibarrera bizitzera, jakinik bere seme-alabak aldameneko herriko ikastetxean eskolatu beharko dituela? Edota ondoko herriko ikastetxean eskolatuz gero, kalitate handiagoko zerbitzua eskainiko diotela jakinda?

Politikari hauek oraindik ez dakite benetan herri bat erakargarri egiten duten faktoreen artean ez dagoela etxebizitza hutsen kopurua baizik eta zerbitzuetan eta berauen kalitatean.

Egoera hau lotsagarria izateaz gain onartezina ere bada, udaletxearen ardura da eta ez beste inorena herritar guztiei herriko zerbitzuak erabiltzeko aukera eskaintzea, eta oraingoan oso urruti geratu da, urrutiago joateko prest egongo ote da? Ala beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu aurrerantzean inor ez dadin geratu haur eskolatik kanpo?

2010-10-19

sampedrok dio mario izeta EAkoen gotzain dela



Hamarkadak dira ez ditudala irakurri alderdi politiko baten izenean norbaitek idatzitako lerro hain klerikalak. Lehengo astean izan zen, anboto astekarian Carmen Sampedrok EAren izenean idatzi zuen zutabea. Gai bakarra, eliza katolikoa. Entresaka txiki bat baino ez dakart hona. Gehiago sufritu edo disfrutatu (edo biak batera) nahi duenak, anbotora joatea dauka.

“Astelehenean gure gotzainaren aurkezpen ofiziala izan zen”. Honela hasten da, argi utziz Mario Izeta EAkoen gotzain berria dela. Ostia pedrin, eta ni EA alderdi akonfesionala zelakoan. Banekien Larreina Opusekoa zena, baina ez diot inoiz irakurri “gure fundatzaile San Jose Maria Escrivá de Balaguer” moduko esaldirik EAren izenean diharduela.

Eleiz ikuskizunetan izaten den sarrera eskasaz kexatuz, “fededun garenontzat egoera hau oso tristea da” dio Sampedrok . “Gero eta gehiago, jende gutxiago joaten da mezetara” dio hitzez hitz. Gehiago? Gutxiago? Baina, zer demontre dio Sampedrok. Aspaldikoak garenok badakigu kristauekin esan nahi dutenari erreparatu behar zaiola, esaten dutenari baino gehiago. Nahiz eta bietan ezertxo ere ez ulertzeko arriskua handia den.

“Uste dut denon artean soluzio bat aurkitu behar dugula, bestela, Eliza Katolikoan oso pertsona gutxi geratuko dira”. Hori omen da EAren ardura, nagusienetakoa beharbada, elizak betetzea.

Soluzioa, sor, kulturan datza. Honek aurrera egin ahala egin dute atzera erlijioek. Hori bai, bidean sarraski ikaragarriak eginez, batez ere sekta katolikoak. Giordano Bruno, Miguel Servet, Zugarramurdiko herria, Durangoko hereseak, Ameriketako eta Afrikako herriak... Pertsonak ez du behar jainkorik mundua eta bizitza ulertzeko, ezta giza legez jokatzeko. Are gehiago, horretarako traba galanta dira erlijioak.

Baina euskal agintariak, politikoak zein kirol elkarteetakoak, txiza ere ur bedeinkatua egiten dute. Ama Birjina (ama eta birjina?) batengana baloi batekin joaten dira eta beste sekta batzuetako antzeko portaerei barre egiten diete superstizioa direlakoan. Eurena ez omen da superstizioa. Gure herrian bertan futbol zelaia inauguratzeako sekta katolikoko txamana jarri zuten isopoa astintzen.

Imajinatzen du norbaitek Pello Urizar, Rafael Larreina edo Jose Andres Urizar, esate baterako, EAren izenean hitz eginez esaten “etakideok harro gaude gure fundatzaile Nemesio Kaskagorriaz”? Ba, egon lasai, momentuz ezinezkoa da eta. Izan ere Euskal Talde Ateoak, momentuz, partaide bakarra baino ez du, ni neu. Gainera, aipatu hiruretatik ez dakit bakarren batek beteko lukeen taldekide izateko baldintza bakarra: ateoa izatea.

Nemesio Kaskagorria, ateoa