osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2011-02-12

22 euskal herritarrek hilaren 19an bilboko kaleak betetzeko deia egin dute legalizazioaren alde

Bakerako zubia

Euskal gizarteak inoiz ez du bakea hain gertu antzeman. Hau nabarmendu beharra dago.

Aurretik honelako beste hainbat itxaropen zapuztu izanak eszeptizismo ulergarria sortzen du, bai, baina hala ere ausartu egingo gara esatera oraingoa beste modu batean ikusten dela.

Bakearen gertutasuna diogunean, ETAren bortizkeriaren amaieraz ari gara, bai eta euskal herritarrek jasan dezaketen giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen, urraketa egoera gainditzeaz ere.

ETAren bortizkeriari amaiera ematea ekarpen oinarrizko eta saihestezina da bake eta demokrazia eszenatokia lortzeko. Urtarrilaren 10eko agirian ez du iragartzen euskal gizarteak nahi duen amaiera. Hala ere, uste dugu itxaropenari leiho bat irekitzen diola, zein testuingurutan azaltzen den kontuan hartuta. 

Gaur egun legez kanpo dagoen eremu politikoa behin eta berriz hartzen ari den jarrera eta konpromiso publikoa lehen mailako aldaketa da euskal eszenatokian. Bereziki ez dago ezkutatzerik edo ukatzerik otsailaren 7an Euskaldunan egindako agerraldia. Aldiz, babestu egin behar da eta garatzeko beta ireki behar zaio, guztiokin batera bakearen alde ekarpena egiteko aukera izan dezan. Beste hitz batzuetan esanda, legeztatu beharra dago, arestian aipatutako helburuaren atal banaezina delako. Eremu horren interesaren gainetik, euskal gizarte osoarena, maiuskulaz idatzitako demokraziarena, dago jokoan.

Bakea lortzeko, bestalde, zubia behar dugu, zubian zehar oinez haren bazterrera behin betikoz iritsi ahal izateko. Zubiak, era berean, zutoin sendoak behar ditu eta hauen gainean eraiki behar da atal bakoitza, bukaerara iritsi arte, une bakoitza, aukera bakoitza, pasarte bakoitza aprobetxatuta.

Jarrera aktiboa, tinkoa, irmoa hartu beharra dago, eta adierazpen honen oihartzuna zabaldu, dagokion lekuraino iritsi dadin. Bakea eta demokrazia denon ondare dira. Horiek lortu eta finkatzeko konpromisoa ere denoi dagokigu. Horregatik dei egiten diegu herritar guztiei manifestazio isilean joan gaitezen, Bilbon, otsailaren 19an, 17:30etik aurrera, La Casilla Plazatik hasita, goiburu honen atzean: Bakerantz, legalizazioa.

Euskal gizarteak itxaropenerako eskubidea dauka. Honekiko konpromisoak ekarri gaitu gaur hemen ekimen honen berri ematera.

Bilbon, 2011ko otsailaren 12an 

Joxe Arregi
Cesar Arrondo
Txaro Arteaga
Xabier Arzalluz
Kontxita Beitia
Joxerramon Bengoetxea
Jose Ramon Castaños
Xabier Goirigolzarri
Pedro Ibarra
Anjeles Iztueta
Antton Lafont
Kepa Landa
Xabier Oleaga
Martxelo Otamendi
Iñaki Perurena
Maixux Rekalde
Mitxel Sarasketa
Paul Rios
Jesus Uzkudun
Pello Zabala
Iñaki Zarraoa
Xabier Zubizarreta

2011-02-11

zaldibarko ezker abertzalearen oharra udalak deitu duen foroaren inguruan

Orain dela lau urte egin zen, Mankomunitateak bultzatuta, Agenda 21eko lehenengo foroa Zaldibarren. Nolako herria nahiko zenuke? izan zen udalak zuzendu zigun galdera bertaratu ginenoi. Parte hartu genuen berrogeiren bat zaldibartarren arteko eztabaidak aberasgarriak izan ziren. Udala eta herritarren arteko distantziaren tamaina ere argi geratu zen. Argi geratu zen bezala udalak  ez dituela zaldibartarren ekarpenak kontuan hartu. Izan ere, foro hauek egin ditu goitik aginduta eta subentzioak jasotzeko.

2009ko ekainean mugikortasunaren inguruko foroa egin zen. Oso jende gutxik hartu zuen parte. Eskasa izan zen oso. Aurkezpena egin zutenak ez zekiten Zaldibarko tren geltokia non zegoen ere. Gure eskualdean kalte ikaragarriak eragin eta euskal herritarron etorkizuna hipotekatzen duen Abiadura Handiko Trenaz ezin zen hitz egin.

Urteotan argi geratu da foro hauen helburua erakundeen jarduna zuritzea dela.  Egunero-egunero ingurumenarekiko jardun txikitzailea erakusten duten instituzioek jasangarritasun eta antzeko hitzez betetzen dute ahoa. Herritarren parte hartzerako tresnatzat aurkeztu nahi dizkigute foro hauek, tertulia huts baino ez direnak.

Herritarren parte hartzea sustatzeko aukera ugari izan dituzte azken lau urteotan, lehenengo foroa egin zenetik.  Esate baterako, gure herria eta eskualdea hurrengo hamarkadetan nolakoa izango den zehazten duen Durangaldeko Lurralde Zati Egitamua (PTP) ezkutatu egin diote zaldibartarrei. Udalak aurkeztutako alegazio bakarrak etxebizitza libre gehiago egitea eskatzen zuen. Ezker abertzalea izan zen, udalaz aparte, alegazioak aurkeztu zituen bakarra. Batzuetan jaramon egin ziguten, esaterako sahiesbidea baztertzean edo Santamañezar interes paisajistiko gunetzat onartzean.

Dei diezagutela zaldibartarroi PTP eta PGOU eztabaidatzeko.
Dei diezagutela trenbideko obrez eztabaidatzeko.
Dei diezagutela aurrekontuak eztabaidatzeko.
Dei diezagutela zelako eskola eta haurreskola nahi dugun jakiteko.
Dei ditzatela herri kontsultak  garrantzia handiko gaiez herritarrok erabakitzeko.

Hau litzateke benetan herritarron parte hartzea sustatzea. Orain deitu berri duten foroa kosmetika hutsa da, hauteskunde aurreko kanpaina. Horregatik, aipatutako gai garramtzitsuak eztabaidatzeko herritarrei deitzen ez zaien bitartean, ezker abertzaleak ez du foro honetan parte hartuko