osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2013-02-23

sortu da sortu



Ezker Abertzaleak "Zutik Euskal Herria" ebazpenean jasotako estrategia berrituaren ondorio organizatiboa izanik, aurrerantzean estrategia horren garapenerako tresna izango da, ibilian indartu eta zabaldu beharreko bitartekoa. Independentziaren eta sozialismoaren bidean eta Prozesu Demokratikoaren baitan, eraldaketa politikoa eta soziala erdiesteko erreminta dugu.
Honaino ekarri gaitu askapen prozesuak. SORTU jaio berria da eta ibilbide berria egitera dator beste antolakuntza batekin, ziklo politiko berriari borroka eredu eraberrituarekin ekitera. Eta hori horrela egin asmo duen SORTUk askapen nazionalaren eta eraldaketa sozialaren aldeko borrokan herritarren batasunak egindako ibilbide historikoa ez du ez ahazten, ez baztertzen. SORTUn bildu garenok herri eta langile borroka zahar eta berri ezberdinetatik gatoz, herri eta jendarte askearen aldeko borroka egitera betiko askatasun helburua ipar izanik.


Euskal Herriko egoeraren garapenari eta euskal herritarren gogoari erantzun behar genien, baita luzaz egindako lanak zein borrokak sortutako aukera politiko berriei ere. Askapen prozesuak aurrerapausoak egin dituelako gaude gu gaur hemen. Halaber, era eta mota guztietako hausnarketak egiteko orduan gure buruarekin zorrotzak izan garelako ere lortu dugu aro berri hau irekitzea. Ez dira bide luze honetan arazoak eta kontraesanak falta izan, ezta aurrerantzean falta izango ere, baina, eztabaidari eta lan militanteari esker, hasitako bidean uste osoa dugu.
Askatasun osoa helmuga
Iritsi da Askatasunaren garaia. Estatu espainolak eta frantsesak ez diote eskaintza demokratikorik egin nahi Euskal Herriari. Betiko ukazioa, betiko indarkeria eta inposizioa, besterik ez. Agortua da orain arteko egitura instituzionala, agortuak sasi- irtenbideak eta eskaintza mugatuak. Herri borondateak izan behar du etorkizuna eraikitzeko ardatza, Autodeterminazio Eskubidea egunero gauzatuz.
Gure konpromisoa sendoa da: herri nahia errespetatuz eta errespetaraziz, Euskal Estatuaren egitasmoa bururaino eramatea. Askatasun osoa, horixe dugu helmuga bakarra, horretarako askapen nazionalari eraldaketa soziala elkarlotu behar zaiola jakinda. Guretzat helburu bera baita, gizon-emakume askeez osaturiko Herri askea lortzea.
Horrenbestez, proiektu sozialista da gurea. Munduko bazter guztietan ingurumena suntsitzen duen eta milioika pertsona miseria gorrira kondenatzen dituen sistema kapitalistari eta, azken urteotan, neoliberalismoaren bidez, izan duen garapen are ankerragoari aurre egiteko alternatiba erradikalak eraiki behar dira, ezinbestean tokian tokiko ezaugarrien eta nortasunaren arabera. Horixe dugu erronka Euskal Herrian ere.
Euskal Herria egunero-egunero eraikitzea dugu funtsezko eginbeharra, ikuspuntu sozialetik, politikotik, ekonomikotik eta kulturaletik. Gizon-emakume ororentzako justizia soziala eta haien arteko parekidetasuna, ama-lurrarekiko errespetua eta lurraldeen arteko kohesioa eta hizkuntza nazionalaren suspertzea dira, besteak beste, lan eremuak.
Proiektu oso horrek eta ibilbidea azkeneraino egiteko konpromisoak bateratzen gaituzte SORTUko kideak, "Zutik Euskal Herria" ebazpenak jasotako irakurketaren eta prozesu eratzailean onartutako oinarrien baitan, betiere eztabaidarako eta ideia ezberdinak mahairatzeko tarte zabalarekin.
Igarobide demokratikoa
Orain da unea, iragana atzean utzi eta geroa erdiesteko. Igarobidea eraiki behar dugu, inoiz egin ez den egiazko trantsizio demokratikoa gauzatzeko. Horregatik, hain zuzen, gatazkaren ondorioei eta iturburuari erantzungo dien ariketa osoarekin erabat konprometituta dago SORTU.
Gatazkaren muin politikoa askatzeko elkarrizketa eta akordioak behar-beharrezkoak dira, lehenik eta behin Euskal Herrian. Horregatik, eragile eta indar politikoen arteko nazio elkarrizketa abiarazi behar dugu eremu eta erakunde ezberdinetan, euskal herritar guztien erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean jartzeko subjektu erabakitzaileak osatzeko helburuarekin.
Halaber, gatazkaren ondorio guzti-guztiak gainditzea dugu helburu, eta horretarako ez gara atzera begiratzearen beldur. SORTUk ez dio errealitateari begi bakarrarekin begiratzen. Beste batzuek mantendu nahi dute itzalpean gerra zikinean, torturan edota presoek jasaten duten bidegabekerian, zuzenean edo zeharka, duten erantzukizuna. Ezker Abertzaleak dagozkion ardurak bere gain hartzen ditu eta egin beharreko guztia egingo du elkarbizitzaren eta bake justu zein iraunkorraren mesedetan, gure Herriari zor diogulako.
Alderdikeriaz eta besteei kontuak eskatuz eskuartean dugun aukera historiko paregabea dinamika hutsaletan kateatu nahi dutenei aurrera egin behar dugula esan nahi diegu. Eta horretako indarkeriarik gabeko gutxieneko egoera eraiki behar da, salbuespen neurriak eta modu guztietako jazarpena bertan behera utzita. SORTUk bereziki azpimarratu nahi du euskal preso politiko guztiak etxeratzeko bidean, dagozkien eskubide guztiak errespetatzea premiazko urratsa dela.
Antolakuntza eta borroka
SORTU egiteko eta eragiteko jaio da. SORTU sortzeko ere jaio da. Baldintza politiko eta sozial hoberenak ere galdu egiten dira herri antolakuntzarik eta borrokarik ez badago. Iraultza egin nahi dugu. SORTUren Iraultza Demokratikoa eta Nazionala da, Euskal Herri osoan eredu politiko eta soziala errotik aldatu nahi dugulako. Iraultza Demokratiko Nazionalak aurrera egingo badu, eremu guztietan landu beharreko herri mobilizazioari, konfrontazio demokratikoari, desobedientzia zibilari eta borroka ideologikoari esker izanen da. Arlo eta lan zein borroka eremu ezberdinetan dabiltzan militante eta sektore konprometituei esker egingo du aurrera Euskal Herriak.
Iraultza Demokratiko Nazionalak, ordea, etxetik bertatik hasi behar du. SORTUn bertan ere antolatzea eta parte-hartzea indartuko dugu. Eztabaidatzeko, erabakitzeko eta jardun militantea garatzeko, Ezker Abertzaleko kide ororen etxea da SORTU, eta guztien beharra izango du askapen prozesuaren estrategia orokorrarekiko dagokion dinamizazio politikorako erantzukizuna behar bezala betetzeko.
Dagokion lan politikoa ez du, ordea, bere buruari begira egingo. Azkenaldian eraberritutako gazte mugimenduarekin, langile mugimenduarekin eta, oro har, herri mugimenduarekin komunikazioa eta elkarlana lehenetsiko ditu.
Aldi berean, mota ezberdinetako sektore eta eragileekin Independentziaren aldeko Herritarren Bloke Nazionala josteko ahaleginean, azken urteotan ezkerreko indar politiko abertzaleek hitzartutako aliantzak eta akordio estrategikoak trinkotzeak eta zabaltzeak lehentasun osoa du SORTUrentzat, baztertu gabe erabakitzeko eskubidearen gainean saia daitezkeen beste akordio taktiko batzuk.
Edonola ere, komunikazioan, konfiantzan eta elkarren arteko begirunean oinarrituko du SORTUk bere jardunean ezinbesteko osagaia izango den aliantza politika. Indar metaketan eta beste eragile batzuekin egin beharreko elkarlanean dago estrategia osoaren arrakastarako gakoa, aldaketa politikoa eta soziala gauzatu ahal izateko eta gure proiektu politiko bera ere egingarri bilakatzeko beharko den indar harremana egokia sortu behar baitugu.
Esan bezala, askapen prozesua modu erabakigarrian aitzinatzeko lanabesa da SORTU, baina ez da tresna soil bat. Ordezkatzen duen proiektu askatzailearen isla ere izan behar du. Barne bizitzan, demokrazia; eta kanpora begira, gardentasuna. Inguratzen gaituen mundua begirada kritikoz aztertzearekin batera, autokritika ere ezinbesteko ezaugarri bilakatu behar dugu. Zintzotasun iraultzailez hitz egingo diegu beti gainerako herritarrei, langileek eta herri sektoreek bat egin dezaten SORTUk Euskal Herriarekiko eta askatasunarekiko duen konpromisoarekin.
Iruñean, 2013ko otsailaren 23an

Sem comentários:

Enviar um comentário