osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2011-02-12

22 euskal herritarrek hilaren 19an bilboko kaleak betetzeko deia egin dute legalizazioaren alde

Bakerako zubia

Euskal gizarteak inoiz ez du bakea hain gertu antzeman. Hau nabarmendu beharra dago.

Aurretik honelako beste hainbat itxaropen zapuztu izanak eszeptizismo ulergarria sortzen du, bai, baina hala ere ausartu egingo gara esatera oraingoa beste modu batean ikusten dela.

Bakearen gertutasuna diogunean, ETAren bortizkeriaren amaieraz ari gara, bai eta euskal herritarrek jasan dezaketen giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen, urraketa egoera gainditzeaz ere.

ETAren bortizkeriari amaiera ematea ekarpen oinarrizko eta saihestezina da bake eta demokrazia eszenatokia lortzeko. Urtarrilaren 10eko agirian ez du iragartzen euskal gizarteak nahi duen amaiera. Hala ere, uste dugu itxaropenari leiho bat irekitzen diola, zein testuingurutan azaltzen den kontuan hartuta. 

Gaur egun legez kanpo dagoen eremu politikoa behin eta berriz hartzen ari den jarrera eta konpromiso publikoa lehen mailako aldaketa da euskal eszenatokian. Bereziki ez dago ezkutatzerik edo ukatzerik otsailaren 7an Euskaldunan egindako agerraldia. Aldiz, babestu egin behar da eta garatzeko beta ireki behar zaio, guztiokin batera bakearen alde ekarpena egiteko aukera izan dezan. Beste hitz batzuetan esanda, legeztatu beharra dago, arestian aipatutako helburuaren atal banaezina delako. Eremu horren interesaren gainetik, euskal gizarte osoarena, maiuskulaz idatzitako demokraziarena, dago jokoan.

Bakea lortzeko, bestalde, zubia behar dugu, zubian zehar oinez haren bazterrera behin betikoz iritsi ahal izateko. Zubiak, era berean, zutoin sendoak behar ditu eta hauen gainean eraiki behar da atal bakoitza, bukaerara iritsi arte, une bakoitza, aukera bakoitza, pasarte bakoitza aprobetxatuta.

Jarrera aktiboa, tinkoa, irmoa hartu beharra dago, eta adierazpen honen oihartzuna zabaldu, dagokion lekuraino iritsi dadin. Bakea eta demokrazia denon ondare dira. Horiek lortu eta finkatzeko konpromisoa ere denoi dagokigu. Horregatik dei egiten diegu herritar guztiei manifestazio isilean joan gaitezen, Bilbon, otsailaren 19an, 17:30etik aurrera, La Casilla Plazatik hasita, goiburu honen atzean: Bakerantz, legalizazioa.

Euskal gizarteak itxaropenerako eskubidea dauka. Honekiko konpromisoak ekarri gaitu gaur hemen ekimen honen berri ematera.

Bilbon, 2011ko otsailaren 12an 

Joxe Arregi
Cesar Arrondo
Txaro Arteaga
Xabier Arzalluz
Kontxita Beitia
Joxerramon Bengoetxea
Jose Ramon Castaños
Xabier Goirigolzarri
Pedro Ibarra
Anjeles Iztueta
Antton Lafont
Kepa Landa
Xabier Oleaga
Martxelo Otamendi
Iñaki Perurena
Maixux Rekalde
Mitxel Sarasketa
Paul Rios
Jesus Uzkudun
Pello Zabala
Iñaki Zarraoa
Xabier Zubizarreta

Sem comentários:

Enviar um comentário