osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2012-03-06

agur eta ohore xabier


Lehengo eguenean, martxoak 1, Xabier Zabarte hil zen auto istripuz.


Zaldibarren jaio zen 1965ean eta ezker abertzaleko militantea izan zen bertan urte luzez, baita Castet Elkarteko lehendakari. Herri Batasuneko eta Zalduherriko hautagaia ere izan zen udal hauteskundeetan. Intsumisio mugimenduan ibilia, uko egin zion espainiar armadara joateari eta, espetxea sahiestea lortu bazuen ere, epaitua izan zen beste gazte asko bezala.

1992tik 2003an espainiar estatuak itxi zuen arte Euskaldunon Egunkariako langilea izan zen eta gero Berriakoa, egunkari honen haseratik hil zen egunera arte.

Zapatuan, martxoak 3, hileta zibila egin zitzaion Olazar pilotalekuan. Ehunka lagun bildu ziren bertan azken agurra ematera.

2012-01-08

kolosala izan da


haika mutil
jaiki neska
segi bultza tinko batera 
jarrai eten barik 
batasunean
hortzak erakutsi irriz





2012-01-01

izan dadila urte kolosala

Hasi da 2012a. Kolosala izango da. Gaur goizean, lege zaharrean, Santamañezarren elkartu da zaldibartar mordo bat. Urtero legez, Bitoriano Sanzek iazko plubiometria jarri du denen bistara.




2011-12-25

agur eta ohore argala

amnistiaren alde

Urtero bezala jende mordo bat batu zen atzo Zaldibarren Olentzarorekin amnistia eske. Bildutakoek aldarrikatu zuten indar guztia jarri beharra dagoela preso eta iheslariak berandu baino lehen etxera ekartzeko. Horren haritik, deia egin zieten zaldibartar guztiei urtarrilaren 7an Bilbora joateko, inoiz baino ozenago adierazteko euskal preso politikoekin gaudela eta etxean nahi ditugula berehala.

2011-11-29

laikotasunaren alde


Bilduk instituzioen akonfesionaltasuna aldarrikatu zuen bere programan. Programak betetzeko direnez, Neguko San Andres jaietako programan ez da mezetarako deirik egin. PNVri ez zaio gustatu jai egitarauan mezarik ez agertzea eta hala azaldu zuen, ohi duen bezala haserre, oso haserre, Nerea Garitagoitia jeltzaleak azaroaren 24ko plenoan. Gaineratu zuen Bildu ez zela oso koherentea meza kendu bai, baina San Andres izena ez zuelako kendu.

Bilduko zinegotzi Olaia Araukuak arrazoitu zuen euren programan akonfesionaltasuna aldarrikatzen dela eta horregatik ez zela mezetara deitzen eta izenari dagokionez eztabaida daitekeela jaien izena, esaterako, udako jaiak eta neguko jaiak deituz.

Carmen Sampedrok, hau ere Bildukoa, adierazi zuen bera katolikoa dela eta instituzioen akonfesionaltasunaren alde dagoela. Izenari dagokionez, ez dagoela kontraesanik jaiei San Andres deitzearen eta mezetara ez deitzearen artean.

Gaiak luzerako eman lezake. Esan daiteke instituzio publikoek ez dutela ezelako erlijioren alde jokatu behar. Gogora daitezke erlijioak, hemen eliza katolikoak, egin dituen eta egiten dituen gehiegikeriak. Ekarri ditzakegu hona eliza katolikoak dituen pribilegioak. Adibidez, gainontzeko herritarrak ez bezala, higiezinen zerga ez dutela ordaintzen eta, horrekin, urtero milioika euro "aurrezten" dutela. Aipa daitezke elizaren etengabeko erasoak homosexualen eta transexualen aurka. Edo hezkuntza sisteman egiten duten lana zientziaren eta jakintzaren aurka, diru publikoa jaso baina elizak izendatutako "irakasleekin". Eta beste mila kontu.

2011-11-20

amaiurrek irabazi du zaldibarren

Amaiur        513 bozka
PNV            360   "
PSOE          335   "
PP              252   "
IU                49   "
Besteak        46   "
Zuriak          20   "
Baliogabeak  16   "


eta Hego Euskal Herrian

PP-UPN        336.465
Amaiur         333.628
PSOE           326.999
PNV             323.517
IU                  43.628
Geroa bai       42.411
I-E                 18.224

2011-10-08

210 herritar udal batzarrean. demokrazia parte hartzailea abian da


Gaur arratsaldean lehenengo Herri Batzarra egin da Olazar pilotalekuan udalak deituta. 210 zaldibartar izan dira bertan. Udal Gobernuak udalaren egoeraz eta lan ildoez hizt egin du. Herritarrek ere parte hartu dute galderak eta ekarpenak eginez. Udal gobernua osatzen duten Bilduko alkatea eta bost zinegotziez gain, PNVko zinegotzi bat eta PPkoa ere batzarrean izan dira.

Alkateak bertaratuak agurtu ditu eta udal itxi eta iluna amaitu dela aldarrikatu du. Bilduk gobernua hartu duenetik udal bilera guztiak publikoak dira eta Herri Batzar hau demokrazia parte-hartzailea sustatzeko beste urrats bat da. Alkateak berak martitzenetan 09:30etatik 11:00ak arte eta eguaztenetan 13:00etatik 15:00ak arte herritarrak hartuko ditu udaletxean. Euskara Kontseilua berriro martxan jarriko da eta beste udal kontseilu batzuk eratuko dira, herriko elkarteek eta herritarrek  parte har dezaten. Arantza Baigorrik azpimarratu du protagonistak, dagoeneko, herritarrok garela eta Herri Batzar hau hasiera baino ez dela.

Aitor Arizmendiarrieta, Ogasun buruak, diru kontuen berri eman du. Sarrerak, gastuak, zorra. Argi geratu da arlo honetan ere aldaketa handia behar dela. Udal langile ugariren lan egoera irregularren berri ere eman du eta hau konponduko dutela agindu.

Jose Andres Urizar, Hirigintza buruak, arlo honetan egindakoak eta egin beharrekoak azaldu ditu.

Carmen Sampedrok Herri Antolaketarako Plan Nagusiari ekingo zaiola iragarri du eta honen nondik norakoak azaldu.

Olaia Araukuak demokrazia parte-hartzailea zelan ari den gauzatzen eta zelan sakonduko den azaldu du.

Atal bakoitzean eztabaida tarte bat zabaldu da. Zazpi zaldibartarrek hartu dute hitza galderak edo iradokizunak egiteko.

2011-09-30

bake prozesuaz mozio bateratu bat egiten ahaleginduko dira udal talde guztiak

Atzoko plenorako indarkeriaz eta bakeaz hiru mozio zeuden aurreikusita. Lehenengoa PPk aurkeztu zuen euskal erakunde guztietan bezala. Bigarrena Bilduk aurkeztua, Lasarteko udalak onartu zuena Bildu, PNV eta PCLO taldearen botoekin. Hirugarrena PSOEk aurkeztuta, PPkoaren emendakin moduan.

Pleno aurretik egin zen batzordean, Bilduk proposatu zuen ahalegin bat egitea denon artean zerbait adosteko bake prozesuaren inguruan. Gainontzeko taldeak konforme agertu ziren proposamenarekin. PPko zinegotziak zehaztu zuen bera ados dagoela, baina partiduan galdetu beharko duela.

Honen gainean berba egiteko urriaren 11an, 19:00etan, jarri zuten hitzordua. Bilduk proposatu zuen talde bakoitzak eraman dezala paragrafo bat idatzita bakearen inguruan, bakoitzak norbere ikuspegitik eta gainontzekoak kontuan hartuta. Honenbestez, mozioak erretiratu egin zituzten atzoko plenoko gai-zerrendatik.

2011-09-28

lanberreko beharginak borrokan

Eguerdian Lanber enpresako langileek kontzentrazioa egin dute udaletxeko plazan, nagusiek ordaintzen ez dietela salatzeko. Iaztik beharginek ez dute kobratzen tokatzen zaiena. Dagoeneko batzuei 5.000 eta 6.000 euro zor die enpresak. Langileen esanetan, egiten diren eskupetak saldu egiten ditu Lanberrek, baina beharginek ez dute dagokien soldata jasotzen.

2011-09-25

zaldibar auzolanean

Tabernasolo eta Euskalerria kaleko parkeetan konponketak egiten ibili ziren atzo hamarnaka zaldibartar. Udalak egin zuen auzolanerako deia eta erantzuna oso ona izan da. Abian da aldaketa Zaldibarren. Badago gogoa eta badago indarra.




Hurrengo hitzordua urriaren 8an da. Egun horretan herri batzarra dago deituta, zeinean udal gobernuak gure herriaren egoera jarriko duen mahai gainean. Jendeak informazio osoa eta zuzen izan dezan. Eztabaidarako ezinbestekoa baita informazioa. Herri batzarra ere auzolana da. Herriaren boterea.




2011-09-19

datorren zapatuan, auzolana

Zaldibarko udalak herritarrak deitu ditu hilaren 24an auzolanean jarduteko. Tabernasoloko parkeko zuloak lurrez estaltzea eta Euskalerria kaleko parkean harri bolkanikoak kentzea izango dira auzolanean egingo diren lanak.
Hitzordua goizeko bederatzietan udaletxeko plazan da. Ahal duenari aitzurrak eta palak eramatea eskatzen zaio.






2011-09-10

vueltaespaññña zaldibarren


Pasatu da vueltaespaññña Euskal Herritik eta, gaur bertan, Zaldibartik. Dena normal, oso normalizatua. Hau da, herria zipaioek hartuta, euskal presoak eta iheslariak etxeratzearen aldeko banderolak jartzeagatik jendea identifikatzen.

Lasterketa hau PSOEk eta PPk ekarri dute Euskal Herria Espainia dela irudikatzeko. Baina Euskal Herriak Euskal Herria dela irudikatu du. Euskal estatu independenteak, beharbada, ontzat emango du vueltaespaññña edo tourdefrance gure herrietatik pasatzea. Baita Luxemburgoko edo Suitzako itzuliak. Baina, euskal estaturik ez den artean, zaila izango da normaltzat hartzea vueltaespañññak edo tourdefranceak gure herriak zeharkatzea.