osasuna eta askatasuna

osasuna eta askatasuna
mundu gorri, berde eta moreak

2011-11-29

laikotasunaren alde


Bilduk instituzioen akonfesionaltasuna aldarrikatu zuen bere programan. Programak betetzeko direnez, Neguko San Andres jaietako programan ez da mezetarako deirik egin. PNVri ez zaio gustatu jai egitarauan mezarik ez agertzea eta hala azaldu zuen, ohi duen bezala haserre, oso haserre, Nerea Garitagoitia jeltzaleak azaroaren 24ko plenoan. Gaineratu zuen Bildu ez zela oso koherentea meza kendu bai, baina San Andres izena ez zuelako kendu.

Bilduko zinegotzi Olaia Araukuak arrazoitu zuen euren programan akonfesionaltasuna aldarrikatzen dela eta horregatik ez zela mezetara deitzen eta izenari dagokionez eztabaida daitekeela jaien izena, esaterako, udako jaiak eta neguko jaiak deituz.

Carmen Sampedrok, hau ere Bildukoa, adierazi zuen bera katolikoa dela eta instituzioen akonfesionaltasunaren alde dagoela. Izenari dagokionez, ez dagoela kontraesanik jaiei San Andres deitzearen eta mezetara ez deitzearen artean.

Gaiak luzerako eman lezake. Esan daiteke instituzio publikoek ez dutela ezelako erlijioren alde jokatu behar. Gogora daitezke erlijioak, hemen eliza katolikoak, egin dituen eta egiten dituen gehiegikeriak. Ekarri ditzakegu hona eliza katolikoak dituen pribilegioak. Adibidez, gainontzeko herritarrak ez bezala, higiezinen zerga ez dutela ordaintzen eta, horrekin, urtero milioika euro "aurrezten" dutela. Aipa daitezke elizaren etengabeko erasoak homosexualen eta transexualen aurka. Edo hezkuntza sisteman egiten duten lana zientziaren eta jakintzaren aurka, diru publikoa jaso baina elizak izendatutako "irakasleekin". Eta beste mila kontu.

2011-11-20

amaiurrek irabazi du zaldibarren

Amaiur        513 bozka
PNV            360   "
PSOE          335   "
PP              252   "
IU                49   "
Besteak        46   "
Zuriak          20   "
Baliogabeak  16   "


eta Hego Euskal Herrian

PP-UPN        336.465
Amaiur         333.628
PSOE           326.999
PNV             323.517
IU                  43.628
Geroa bai       42.411
I-E                 18.224

2011-10-08

210 herritar udal batzarrean. demokrazia parte hartzailea abian da


Gaur arratsaldean lehenengo Herri Batzarra egin da Olazar pilotalekuan udalak deituta. 210 zaldibartar izan dira bertan. Udal Gobernuak udalaren egoeraz eta lan ildoez hizt egin du. Herritarrek ere parte hartu dute galderak eta ekarpenak eginez. Udal gobernua osatzen duten Bilduko alkatea eta bost zinegotziez gain, PNVko zinegotzi bat eta PPkoa ere batzarrean izan dira.

Alkateak bertaratuak agurtu ditu eta udal itxi eta iluna amaitu dela aldarrikatu du. Bilduk gobernua hartu duenetik udal bilera guztiak publikoak dira eta Herri Batzar hau demokrazia parte-hartzailea sustatzeko beste urrats bat da. Alkateak berak martitzenetan 09:30etatik 11:00ak arte eta eguaztenetan 13:00etatik 15:00ak arte herritarrak hartuko ditu udaletxean. Euskara Kontseilua berriro martxan jarriko da eta beste udal kontseilu batzuk eratuko dira, herriko elkarteek eta herritarrek  parte har dezaten. Arantza Baigorrik azpimarratu du protagonistak, dagoeneko, herritarrok garela eta Herri Batzar hau hasiera baino ez dela.

Aitor Arizmendiarrieta, Ogasun buruak, diru kontuen berri eman du. Sarrerak, gastuak, zorra. Argi geratu da arlo honetan ere aldaketa handia behar dela. Udal langile ugariren lan egoera irregularren berri ere eman du eta hau konponduko dutela agindu.

Jose Andres Urizar, Hirigintza buruak, arlo honetan egindakoak eta egin beharrekoak azaldu ditu.

Carmen Sampedrok Herri Antolaketarako Plan Nagusiari ekingo zaiola iragarri du eta honen nondik norakoak azaldu.

Olaia Araukuak demokrazia parte-hartzailea zelan ari den gauzatzen eta zelan sakonduko den azaldu du.

Atal bakoitzean eztabaida tarte bat zabaldu da. Zazpi zaldibartarrek hartu dute hitza galderak edo iradokizunak egiteko.